Informazio orokorra
Azaroaren 5ean, Portugaleteko Ganerantz mendi klubaren eskutik, Anaidiaren egunean hitzordu berri bat dugu. Aurten, Zugaztietan (Bizkaia) izango da hitzordua eta handik, Mendibil ehun mendiko gailurrera igoko gara, Trianoko mendien barruan dagoena.
EMFk eta Ehun Mendiko Anaidiak, bere Anaia Nagusiaren eskutik, dei egiten diegu kide berriei, Anaidiarekiko atxikimendua berritu duten persona guztiei, ehun mendien lehiaketa berri bat osatuz, eta lehiaketa historiko honen jarraitzale guztiei, Mendibiletik eta gertuko beste gune batzuetatik ikus daitezkeen Abrako badiaren bistez gozatzeko.
Ehun urte baino gehiago pasatu dira Euskal Herriko mendizaleen artean aitzindariak izan ziren haiek gaur egun mendi-lehiaketa gisa ezagutzen ditugunak asmatu zituztenetik. Aspaldi samar, 1914ko irailaren 30eko gauean, Club Deportivo Bilbaoko mendizale talde bat Ganekogorta gailurrera igo zen, elkar hartuta edo sekretupeko talde gisa mendi lehiaketa bat abiarazteko: huraxe jaso da Euskal Herriko mendizaletasunaren historiako lehen lehiaketa gisa. Antxon Bandres Azkueren eskutik, gailur horretan diseinatu zen euskal mendizale talde batentzat gure jardueraren praktika sistematikoki, etengabe eta modu planifikatuan bultzatzeko lehen erronka.
Euskal Herriko Mendien Katalogoan sartuta dauden ehun menditara igotzean datza Ehun Mendien Lehiaketa, betiere, EMFren batzarrak onartutako araudian zehazten diren baldintzak betez. 2020ko ekitaldiaren ostean, guztira 4550 mendizale eta 6895 historialek biltzen ditu Anaidiak.
Aurten, Zugaztietan (Trapagaran) hasten den zeharkaldi zirkularra egin ondoren, Argalario eta Mendibil gailurretara igo ondoren, Peñas Negraseko ingurugiroa interpretatzeko zentroan, egingo den ospakizun txiki batekin ongietorria eman nahi diegu kide berriei. Gaur egun aisialdirako lekua dena ezagutzeko aukera izango dugu. Garai batean meatzaritzako herrixka izan zen, eta meatze zaharrak ingurune berde batez inguratutako urtegi bihurtu dira. Lan eta sufrimendu handiko lekua izan zena, gozamenerako leku bihurtu da.
Oroigarri bat emango zaie Anaidiko kide berriei nahiz ehun mendien zerrenda berriro osatu dutenei; baina oparia ez zaio emango beste inori eta ez zaie etxera bidaliko jardueran parte hartzen ez dutenei.
Ganerantz klubari eskerrak eman nahi dizkiogu Anaidiaren egun honen antolaketagatik.
Zugaztietan ikusiko dugu elkar.
Izena eman dutenen zerrenda
Probako Kartela