Bidezidor-kirola FEDMEren barneko kirol-jarduera da; bide-sare tradizionaletik egin ohi da kirol-jarduera hau, eta oinez ibiltzea gustuko duten pertsonei zuzenduta dago. Espainiako lurralde osoan eta urteko edozein sasoitan egiten da, ez da beharrezkoa prestakuntza tekniko eta fisiko handirik izatea, eta ez dira material oso espezializatuak erabiltzen.
Zer dira bidezidor homologatuak?
FEDMEren arabera, bidezidor homologatua haren oniritzia duen kirol-eremua da, bide tradizionaletatik doana eta erregistratutako seinaleen kode baten bidez ekipatzen dena, hala, herritarrak ibilbide hori segurtasunez eta kalitatez egin dezan.
Nola sortzen da bidezidor homologatu bat?
Elkarte, erakunde, klub edo antzekoren batek egindako proposamenaren bidez; bidezidor hori kokatzen den lurraldeko federazioaren oniritzia izan behar du. Gainerako bidezidorrekiko homogeneotasuna bilatu behar du, bai eta kalitatea eta segurtasuna ere, ibiltariari begira.
Zer abantaila du bidezidor bat homologatzeak?
Federazioaren homologazioa izateak honako abantaila hauek ditu:
- Ibiltariarentzat, ibilbide horrek gutxieneko baldintza batzuk dituela jakitea.
- Bidezidorra sustatu duenarentzat, nazio-mailan nahiz nazioartean seinale horiek ezagutzen dituen jende asko eta asko egotea. Gainera, federazioak 30 urtean bidezidorrak markatzen eskuratutako eskarmentu guztia jasoko du.
Zer motatako bidezidor homologatuak daude Espainian?
Hiru bidezidor mota daude, GR, PR eta SL deritzenak. Lehenengoak ibilbide luzeak dira, eta etapaka egiten dira; Espainia mutur batetik bestera gurutza dezakete, edo eskualde baten barnekoak izan daitezke. Bigarrenak, berriz, jardunaldi bateko ibilbideak dira, eta lurraldearen puntu jakin batzuetara iristen dira; errazak izan daitezke, edo ahalegin handixeagoa eska dezakete. Azkenak ibilaldi laburrak dira, zailtasun gutxikoak eta denbora gutxian egitekoak, haurrek, adineko pertsonek edo zailtasunak dituzten pertsonek egiteko modukoak. Hiru modalitateak zirkularrak edo linealak izan daitezke.
- Informazio gehiago Arabako bidezidorretan: amf-fam.org/senderos
- Informazio gehiago Bizkaiko bidezidorretan: bmf-fvm.org/senderos
- Informazio gehiago Gipuzkoako bidezidorretan: www.gmf.eus/senderismo